XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neuk ere ez dizut erantzuten jakingo, baina liburu interesgarria dela iruditu zait, ganbaran aurkitzean zorte ona izan dudala eta merezi zuela berreskuratzea.

Azken finean, aurreko ugazabek hura guztia bertan behera laga baldin badute, interesatzen ez zitzaielako izango da.

Eta nik etxea barruko gauza guztiekin erosi nuen, beraz ez daukat zertan arrangurarik izan.

Jaitsi naizenean, pozik nire aurkikuntzengatik, baina ganbarako bisitaren arrakasta eskasarengatik apur bat atsekabetuta, gauaz larritu nauten izuak ia ahaztu zaizkidala igarri dut.

Eguzkiaren argiak ondorio miragarriak dituela egia handia da, zeren orain, lerro hauek idazten ari natzaizunean, ia ez bainaiz oroitzen bart gaueko sustoaz eta faxak helarazi zidan mezuaz.

Mezua dela-eta, esango dizut harrezkero ez dutela ezer bidali; orria hementxe, nire aurrean, ez baneuka, amesgaiztoa besterik ez dela izan pentsatuko nuke.

Ondotxo dakit, ordea, ez dela horrela, eta horixe da kezkatzen nauena, onartuko didazu gertatzen ari zaidana ez dela oso normala.

Baina lehenengoa lehenengo.

Ordu biak pasatxo dira eta bazkaltzera noa Bieitoren tabernara.

Hartara, bidenabar, gutun hau utziko diot, Pontedeumera joaten denean postara bota dezan.